JOAN SARRERA

SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Ebanjelio honen sorburuan dagoen komunitateak Jesusek «gehien maite zuen» ikaslearekin identifikatzen du autorea, 21,24ko konklusioan ikus daitekeenez. Ikasle hau behin eta berriro agertzen da Pazko-kontakizunetan (13,23; 19,26; 20,2); hau 1,35-39 eta 18,15ean agertzen den «beste ikaslea» bera da. Ebanjelioak ez du ikasle honen izenik ematen.
II. mendetik aurrera kristau-tradizioak Joanekin, Zebedeoren semearekin, identifikatzen du ikasle hori eta ebanjelioaren idazletzat jotzen. Baina ez dakigu ziur ez non, ez nork idatzi zuen ebanjelioa. Segur aski, ebanjelio honek eratze-prozesu luze samarra izan zuen. Azken moldaketa lehenengo mendearen azken urteetan burutu zen, beste hiru ebanjelioena baino beranduago.
Mezuaren hartzaileari dagokionez, egoera zail samarrean bizi zen kristau-komunitate batentzat idatzi zela pentsa daiteke, bai barne-eztabaidengatik (Joan Bataiatzailearen jarraitzaileak, Jesusen jainkotasuna edo gizatasuna zalantzan jartzen zutenak…), bai judaismoarekiko sumatzen den gatazkagatik.
Ebanjelioaren hari nagusiak
Nahiko berezia eta ezberdina dugu hau beste hiru ebanjelioen —Sinoptikoen— aldean. Material ezberdina jasotzen du, eta beste tradizio batekoa dirudi. Sinoptikoek Jesusen jarduera gehiena Galilean kokatzen badute, azkenean bidaia bakarra eginez Jerusalemera, Joanen ebanjelioak Jesusek Judean egindakoa azpimarratzen du, eta Jerusalemera hiru joanaldi aipatzen. Sinoptikoetan hogeita hamarren bat mirari azaltzen badira, Joanen ebanjelioan zazpi bakarrik dira mirarizko seinaleak. Sinoptikoek Jesusen irakaspena esaldi laburretan ematen dute, parabola askorekin. Joanek, berriz, gaien inguruko hitzaldi luze eta landuagoak ditu. Hiztegia eta baliabide literarioak ere bereziak dira; sarri erabiltzen ditu maitatu, epaitu, testigantza eman, egia, bizia, mundua eta beste hitz batzuk. Honen helburu nagusia ez da hainbeste Jesusen bizitzako xehetasunak kontatzea, ez baita historiaz arduratzen; izaera bereziki teologiko eta espirituala du laugarren ebanjelioak. Eta hau litzateke ikuspegirik egokiena liburu hau irakurri eta ulertzeko.
Mezuari dagokionez, Joanen ebanjelioa loturik dago Jesusekin bizi izan zirenek —eta batez ere Jesusek «gehien maite zuen» ikasleak— eman zuten testigantzarekin; baina, aldi berean, Jesus mundutik desagertu ondorengo kristau-komunitate batek, Espiritu Santuaren gidaritzapean, Jesusen misterioa hobeto ulertzeko egin zuen ahalegina erakusten du, Jesusen bizitzaren, egintzen eta hitzen esanahian sakondu nahirik, alegia. Honi dagokionez, Kristo, batetik, Jainkoa bera bezain handi eta ahaltsu dela, eta, bestetik, benetako gizaki dela azpimarratzen du.
Sarreran (1. kap.) hitzaurrea dugu lehenik, gorazarre moduan moldatua; bertan Jainkoaren betiko Hitza bezala agertzen da Jesus, gizaki bihurtu eta munduan bizitzera etortzen dena, gizon-emakumeen bizia, argia eta egia delarik. Hitzaurreak ebanjelioaren gai nagusiak aurreratzen dizkigu. Berehala Jesusekin topo egin zutenen lekukotasuna agertzen da (Joan Bataiatzailea, Andres ikaslea, Felipe, Natanael… ).
Gainerakoan, bi zati nagusi daude liburuan:
Lehenengoa, Jesusen mirarizko seinaleak (2,1—12,50), maiz Seinaleen Liburua deitua. Jesusen zazpi mirari agertzen dira, ebanjelio honetan seinale deituak: Kanako ezteiak (2,1-11), errege-funtzionarioaren semearen sendaketa (4,46-54), elbarriaren sendaketa (5,1-9), ogi-ugalketa (6,1-14), Jesus oinez ur gainean ibiltzea (6,16-21), jaiotzatiko itsuaren sendaketa (9,1-7) eta Lazaroren piztuera (11,1-44). Jesusen hitzaldi luze eta elkarrizketen bidez seinale horien esanahia azaltzen da. Seinale, hitzaldi eta elkarrizketek Jesusen misterioa agertzea dute helburu, eta Jesusen egitekoa Aita agertzea dela erakusten dute.
Bigarren zatia, Jesusen nekaldi eta piztuera (13,1—20,31), maiz Jesusen Orduaren Liburua deitua. Bertan Jesusek bere azken gomendioak eta testamentu espirituala uzten dizkie ikasleei (13—16). Otoitzean heriotzarako prestatzen da, beretarrak Aitaren esku utziz (17). Atxiloketa, kondena, heriotza eta piztueran beste ebanjelioen bide bertsutik jotzen du (18—20), Jesusen nekaldiaren eta piztueraren inguruan beraren aintza agertzen delarik. Ebanjelioaren lehen konklusio diren 20,30-31 tx.etan ebanjelio osoaren helburua aitortzen da.
21. kap.a liburua amaitu ondoren sarturiko eranskina da eta Jesus piztuaren azken agerpena biltzen du, Jesusek maite zuen ikasleak toki berezia duelarik Pedrorekin batera.
Eskema
—Sarrera (1,1-51).
—Jesusen mirarizko seinaleak (2,1—12,50).
—Jesusen nekaldia eta piztuera (13,1—20,31).
—Eranskina (21,1-25).

നിലവിൽ തിരഞ്ഞെടുത്തിരിക്കുന്നു:

JOAN SARRERA: EAB

ഹൈലൈറ്റ് ചെയ്യുക

പങ്ക് വെക്കു

പകർത്തുക

None

നിങ്ങളുടെ എല്ലാ ഉപകരണങ്ങളിലും ഹൈലൈറ്റുകൾ സംരക്ഷിക്കാൻ ആഗ്രഹിക്കുന്നുണ്ടോ? സൈൻ അപ്പ് ചെയ്യുക അല്ലെങ്കിൽ സൈൻ ഇൻ ചെയ്യുക