HASIERA SARRERA
SARRERA
Liburuaren eraketa eta ingurugiro historikoa
Grekozko antzinako itzulpenak «Genesis», hau da, Hasiera, izena ematen dio liburuari, beronen gaiari lotua: munduaren, gizadiaren eta Israelen sorrera kontatzen du, hain zuzen. Hebrearrek liburuaren lehen hitza erabiltzen dute izenburutzat: «Hasieran».
Liburua mendeetan zehar eta egile askoren eskuz eratua da. Eratze-prozesu horretan Hasiera Pentateukoko gainerako liburuekin uztartua dago.
Bi zatitan bana daiteke liburua: 1—11 kap.ak, munduaren eta gizadiaren sorrerari buruzkoak, eta 12—50 kap.ak, Israelen arbasoen historia kontatzen dutenak.
Kanaango antzinako biztanleak, baita israeldarrak ere, inguruko herrien kulturan murgilduak bizi ziren. Idazle biblikoek oso antzinakoa eta aberatsa zen kultur ondare komun horretatik edan zuten Has 1—11ko kontakizunak eratzeko. Jakina da kultur giro horretan gizakien historia jainkoen gorabeherei lotua zegoela, hau da, erabateko erlijio-kutsua zuela. Hala ere, idazle biblikoek, Ekialde Hurbil eta Erdiko, batik bat Mesopotamiako, kontakizun mitikoez baliatzen badira ere, kontakizunok garbitu egiten dituzte berauen mitologi kutsutik, beren federa, Jainko bakarraren federa, egokituz eta moldatuz.
Jatorrian, patriarkei buruzko oroitzapen eta tradizioak, Has 12—50 kap.etan bilduak, Israel herria osatuko zuten talde eta leinuen kultur ondarea ziren, belaunez belaun ahoz aho eskualdatuak. Izan ere, tradizio horien ingurugiro historikoa K.a. bigarren milurtekoaren lehen erdian koka daiteke. Monarkiaren lehen aldian, David eta Salomonen garaian, tradizio horiek elkarrekin josi ziren, eta orduan hartu zuen Hasiera liburuak bere oinarrizko forma.
Uste da, erbestealdian, K.a. V. mende aldera, eman zitzaiola Hasiera liburuari bere azken moldea. Apaiz-eskolaren eraginez, antzinako tradizioak, aspalditik idatziz jarrita zeudenak, berrantolatu eta momentuko eskakizunei erantzuteko berridatzi zituzten.
Ezaugarri nagusiak
Liburuaren lehen zatian, 1—11 kap.etan, Israelek bere gogoeta eskaintzen digu gizakion bizi-esperientziako betiko gai eta galderei buruz: kosmosa eta gizakia, bizitza eta heriotza, ongia eta gaizkia, gizartea eta gizabanakoa, kultura eta erlijioa… Erantzuna ez da teoriazkoa, narrazioa dela medio emana baizik. Gizakia da, hain zuzen, bere historiaren erantzule. Lehen kap. hauek, beraz, historia baino gehiago bizitzako funtsezko gaiei, eta maiz iluntasunei, buruzko gogoeta dira.
Historia Abrahamekin hasten da, liburuaren bigarren zatian (12—50 kap.). Gauza guztien hasieran Jaunaren hitza dagoen bezala, salbamen-historiaren hasieran ere Jaunaren hitza dago. Jainkoaren deiari erantzunez ekiten dio Abrahamek bere ibilbideari, fedearen erromes. Harengandik jaso zituen agintzarietatik zintzilik bezala biziko da eta berarengandik sortuko den herriarentzat fede- eta obedientzi eredu bihurtuko. Agintzariak eta bedeinkazioa Abrahamengandik Isaakengana eta honengandik Jakob eta beronen hamabi semeengana eskualdatzen dira. Agintzariak eta bedeinkazioa, hau da, Jainkoaren hurbiltasun salbatzailea, dira, hain zuzen, patriarken historiaren hari nagusiak.
Liburuaren azken atala Joseren historia da (37. eta 39—50 kap.); historia honen bidez lotzen dira Hasiera eta Irteera liburuak: Jakob/Israel eta beronen semeak, hamabi leinuen arbasoak, Egipton kokatzen dira. Honela, prest dago antzeztokia hurrengo egintzetarako: Egiptoko esklabotza eta Irteerako askapen-egintza handia.
Hasierako kontakizunak, patriarken istorioak batez ere, Biblia osoko herrikoien eta bizienetakoak dira. Istorio horietan giza bizipen mardulak erlijio-sentipen sakonenekin elkartzen eta lotzen dira. Liburu aparta dugu Hasiera Bibliaren irakurketaren abiapuntu gisa.
Eskema
—Hasieran (1,1—11,32).
-Munduaren eta gizadiaren jatorria (1,1—5,32).
-Uholdea (6,1—9,17).
-Noerengandik Abrahamenganaino (9,18—11,32).
—Patriarken historia (12,1—50,26).
-Abraham (12,1—23,20).
-Isaak (24,1—25,18).
-Jakob (25,19—36,43).
-Joseren historia (37,1—50,26).
Pilihan Saat Ini:
HASIERA SARRERA: EABD
Sorotan
Berbagi
Salin
Ingin menyimpan sorotan di semua perangkat Anda? Daftar atau masuk
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional) Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso