HASIERA 4
4
Kain eta Abel
1Gizonak bere emazte Evarekin harremanak izan zituen. Haurdun gelditu zen Eva, eta Kain —hau da, «Eskuratua#4,1 Eskuratua: Hebreerazkoak, hitz-joko batez, Kain izena eskuratu esan nahi duen hitzarekin erlazionatzen du.»— izan zuen. Orduan, esan zuen: «Gizon bat eskuratu dut Jaunari esker». 2Gero, haren anaia Abel izan zuen.
Abel artzain bilakatu zen; Kain, berriz, nekazari. 3Handik aldi batera, Kainek lurreko fruituen eskaintza egin zion Jaunari.#Kain eta Abelen eskaintzak Heb 11,4. 4Abelek ere ekarri zituen artaldeko lehen bildotsak eta ardi-gantza. Jaunak abegi on egin zien Abeli eta honen emaitzari; 5ez, ordea, Kaini eta honen emaitzari. Kain biziki haserretu zen, eta kopetilun zebilen. 6Jaunak esan zion, orduan:
— Zergatik zaude haserre? Zergatik kopetilun? 7Zuzen jokatuko bazenu, argituko litzaizuke aurpegia; baina oker zabiltzanez gero, atean duzu bekatua, gainera erortzeko zain. Hala ere, mendera dezakezu#4,7 Tx. osoa oso iluna da jatorrizkoan, eta itzulpena ez erabat segurua..
8Behinola, Kainek esanda, Abel eta biak landara elkarrekin joan zirelarik, Kainek anaiari eraso eta hil egin zuen.#Kainek anaia hil Jkd 10,3; 1 Jn 3,12.
9Jaunak esan zion Kaini:
—Non da anaia?
Kainek erantzun:
—Ez dakit. Anaiaren zaintzaile ote naiz, bada, ni?
10Jaunak, orduan:
—Zer egin duk? Hire anaiaren odola lurretik oihuka ari zaidak.#odola lurretik oihuka Mt 23,35; Heb 12,24. 11Horregatik, madarikatu egiten hau hik isuritako odola edan duen lurrak. 12Lurra landuko duk, baina ez dik fruiturik emango; noraezean ibiliko haiz munduan.
13Kainek esan zion Jaunari:
—Astunegia dut zigor hau, eraman ahal izateko. 14Gaur lur hauetatik botatzen nauzularik, zure begi-bistatik urrun eta munduan noraezean ibili beharko dut; hala, aurki nazan edonork hil egingo nau.
15Jaunak, ordea, erantzun zion:
—Ez horixe! Kain hiltzen duena, zazpi aldiz gogorrago izango da zigortua.
Eta Jaunak ezaugarri bat ezarri zion Kaini, aurkitzen zuen inork hil ez zezan.#ezaugarri babesgarria Ir 12,13; Ez 9,4-6; Ap 7,3; 9,4. 16Honela, Kain, Jaunarengandik aldendurik, Nod#4,16 Nod: Toki ezezaguna; agian sinbolo gisa erabilia, zeren 12.14 tx.etan azaltzen den nad (noraezean dabilena) hitza gogorarazten baitu. lurraldean bizi izan zen, Edenez ekialdera.
Kainen senitartea
17Kain bere emazteari batu eta haurdun gelditu zen emaztea, eta Henok izan zuen. Hiri bat eraiki zuen Kainek eta Henok eman zion izen, bere semeari bezala. 18Henok Iraden aita izan zen; Irad Mehuiaelena; Mehuiael Metuxaelena, eta Metuxael Lamekena.
19Lamekek bi emazte hartu zituen. Batak Ada zuen izena, besteak Tzila. 20Adak Jabal sortu zuen, oihal-etxoletan bizi diren abeltzainen arbasoa. 21Honen anaiak Jubal zuen izena, zitara- eta txirula-jotzaileen arbasoa. 22Tzilak, berriz, Tubalkain sortu zuen; errementaria izan zen, brontze- eta burdin lanetan ari direnen arbasoa. Arreba bat izan zuen: Naama.
23Lamekek esan zien bere emazteei:
«Ada eta Tzila, entzun!
Lameken emazteok,
aditu nire kopla:
Zauritu ninduelako, gizona hil dut;
jipoitu ninduelako, mutikoa.
24Kainen hilketa zazpi aldiz
mendekatuko badute,
zazpi mila aldiz#4,24 zazpi mila aldiz: H.h., hirurogeita hamazazpi aldiz. gehiago
Lamekena».#zazpi mila aldiz (hirurogeita hamazazpi) 4,15; Mt 18,21-22.
Adamen beste seme bat
25Adam berriro batu zitzaion bere emazteari; honek semea sortu eta Set#4,25 Adam: Ik. 2,22 oh. Set: Hitz-jokoa egiten du hebreerazkoak Set izenaren eta sorrarazi (h.h., ipini/eman) itzuli dugun hitzaren artean. eman zion izen. Orduan, esan zuen: «Jainkoak sorrarazi dit beste seme hau, Kainek hil zigun Abelen ordez».
26Setek ere semea izan zuen, Enox izenekoa. Orduan hasi ziren Jaunaren izena gurtzen#4,26 Jaunaren izena gurtzen: Beste zenbait tradizioren arabera, Jaunaren izena ez zen gurtu Moisesen garaian baizik (ik. Ir 3,14.15 eta oh.ak; 6,3)..#Enox 5,6; Lk 3,38.
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional) Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso