IRTEERA SARRERA
SARRERA
Liburuaren eraketa eta ingurugiro historikoa
Grekozko itzulpenak «Exodo», hau da, Irteera, izena ematen dio liburuari, kontatzen duen gertakari nagusiaren arabera. Hebreerazkoan «Izenak» deitzen zaio, liburuko lehen hitzaren arabera.
Israeldarrak bere izatearen sustraietara jotzen duenean, lehen-lehenik Egiptoko irteera eta Sinaiko ituna dakartza gogora. Israelen fedeko Jainkoa «Egiptotik, esklabotzatik, askatu gintuen Jauna» da. Historia osoan zehar, baita gaur egungo historian ere, Israelek etengabe birmoldatu eta eguneratu du hasierako gertakaria, garaian garaiko askapen-egintzei egokituz, gertakari berrien eredutzat hartuz eta, era berean, irakurketa berriak direla medio, antzinako historia zentzu berriz hornituz. Honek izugarri zailtzen du liburuaren sorrera eta garapena zehatz deskribatu ahal izatea. Izan ere, gertatu zena eta gertakizunaren garapen teologikoa banaezinak dira. Oro har, esan daiteke Irteera dela Pentateukoari eginiko Sarrera orokorrean marraztu dugun eratze-prozesuari hobekien lotzen zaion liburua.
Gaur egun ikertzaileek uste dute ez zirela israeldar leinu guztiak Egiptora jaitsi. Talde txikiak izan ziren, segur aski, K.a. 1250. urte inguruan, Ramses II.a faraoiaren garaian, Egiptotik Moisesen gidaritzapean irten zirenak. Agian, «irteera» bat baino gehiago izan zen.
Jadanik Kanaanen, israeldar leinuak elkartu zirenean, sortu berria zen herriak bere egin zituen eta handitasunez jantzita kontatu historia hutsaren mailan apalagoak eta mugatuagoak izan ziren gertakizunak.
Erbestealdian (K.a. 587-538), herria esklabotzara makurtua eta askapen berriaren ateetan zegoela (Is 40—55), eman zitzaion liburuari azken eskua. Apaiz-eskola arduratu zen argitalpen honetaz, hainbat birmoldaketa eginez, batez ere kultuaren inguruan.
Ezaugarri nagusiak
Hiru motako testuak aurkitzen ditugu liburuan:
—Narrazioa, lehen zatian batik bat: Egiptoko esklabotza (1—2) eta irteera (13—15), Moisesi deia herriaren gidari izateko eta Egiptoren zigorra, hamar izurriak, tartean direla; ondoren, Sinairako bidea, Jaunaren agerpena Sinai mendian eta itunaren burutzapena (16—19 eta 24. kap.); baita herriaren desleialkeriaren eta itunaren berriztapenaren kontakizuna ere (32—34).
—Lege-bildumak: hamar aginduak (20,1-17) eta Itun-kodea, erlijio- eta gizarte-mailako lege-bilduma (20,22—23,19); baita kultuari eta kultu-erakundeei buruzko zati luzea ere (25—31 eta 35—40); sail honetan sartzen da 34,14-26ko araudia ere.
—Liturgiari buruzko arauak, zati narratiboetan tartekatuak: Pazkoari buruzkoak (12. kap.), lehen-semeei eta legamia gabeko ogiei buruzkoak (13,1-16) eta santutegiari eta kultuari buruzko ataleko hainbat zati.
Irteera eta ituna dira Israelen fede-aitorpeneko gertakari nagusiak. Horietan Jaunak bere leialtasuna azaldu du, arbasoei egindako agintzariak betez. Herri zapalduaren alde handikiro jokatu du, historiako menderatzaile guztien irudi den faraoiaren morrontzapetik askatuz. Itunaren bidez, Jainkoak bere herri egin du Israel, askatasun-bide den Jaunaren zerbitzuan bizitzeko. Era berean, itunak senide-lokarriz eta senidetasunezko betebeharrez lotzen ditu herritarrak elkarrekin. Legea Jaunaren dohaina da, herriarentzat bizi-emaile.
Irteera liburua ez dago behin ere itxia, erabat bukatua. Izan ere, herria beti dago esklabotzara itzultzeko arriskuan eta askatasun beteago baterako bidean. I.Z. osoan, baita I.B.n ere, irteera eta ituna bazterrezineko erreferentzi guneak dira. Gaur egun ere, askapen-mugimenduen inspiratzaile eta eragile da Irteera liburuko mezua.
Eskema
—Jainkoak bere herria askatu nahi (1,1—7,7).
—Jainkoak egintza harrigarriak egin (7,8—11,10).
—Jainkoak israeldarrak askatu (12,1—15,21).
—Israeldarrak basamortuan (15,22—18,27).
—Jainkoaren ituna Israel herriarekin (19,1—24,11).
—Kultuaz oharkizunak (24,12—31,18).
—Israeldarrek Jainkoarekiko ituna hautsi (32,1—34,35).
—Kultu-erakundeen antolakuntza (35,1—40,38).
Currently Selected:
IRTEERA SARRERA: EABD
Highlight
Share
Copy
Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional) Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso