SANTIAGO SARRERA
SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
«Santiago, Jainkoaren eta Jesu Kristo Jaunaren zerbitzaria» bezala ageri zaigu egilea (1,1). Seguruenik, ez da Hamabi Apostoluen zerrendan agertzen diren bi Santiago haietakoa. Badaiteke, ordea, «Jaunaren anaien» taldeko zen (Mk 6,3; 15,40) eta Jerusalemgo elkartearen buru bezala azaltzen den Santiago izatea (Eg 12,17; 15,13; 21,17-18; Ga 1,19; 2,12); ez da, ordea, segurua. Askok uste du Santiagoren irakatsien tradizioa hartuz eta beraren izenaz eta aginpideaz baliatuz, beste norbaitek idatzia dela.
Idazlana nori zuzendua den jakitea ere ez da erraza. «Atzerrian zabaldurik dagoen Jainkoaren herriko guztiei» dio agurrean. Ez dirudi eliz elkarte jakin bati idatzia denik, helenismoko kultur giroan bizi ziren kristau-komunitateei baizik. Horietan Pauloren irakaspena urrutiegi eraman dute, fedeari garrantzi handia emanez, baina berorren ondorio moralak ahaztuz (2,14-26); era berean, aberatsek behartsuak zapaldu egiten dituzte (2,5-7; 5,1-6). Idazkia 80. hamarkadan kokatu ohi da.
Gutunaren hari nagusiak
Gutun bezala azaltzen bada ere, homilia edo katekesi antzeko idazlana da. Ez du Pauloren edo Joanen idazkien teologia sakonik. Harritzekoa da lehen gizaldietako kristauen gairik nagusienak ez erabiltzea eta Jesu Kristoren heriotza-piztueren aipamenik ere ez egitea. Bi aldiz bakarrik aipatzen du Jesu Kristo. Gutunak I.Z.eko profeta- eta jakinduri tradizioetan eta Jesusen irakaspenetan oinarrituriko mezu etikoa dakar gehienbat.
Egitura handirik ez duen testu honen punturik nagusienak aipatuko ditugu:
1. Bereizkeriarik ez egitea (2,1-13): Zorrotz eta hizkera biziz adierazten du norbait honelakoa edo bestelakoa izateagatik bereiztea fedearen aurka doala.
2. Fedea eta egintzak (2,14-26; ik. 1,22-25.27): Idazki honen punturik nagusiena hauxe dugu. Fedeak, egiazkoa izateko, egintzak behar ditu lagun; egintzarik gabeko fedea hila da, hutsa da. Jainkoaren mezua, entzun eta bete egin behar da. Hau argitzeko, katekista trebe bezala, irudi eta alegia xumeez eta I.Z.eko zenbait pertsonaiaren adibidez baliatzen da.
3. Mihia hezi beharra (3,1-12; ik. 1,19-20.26): Beste gai askotarako bezala, hemen ere I.Z.eko jakinduri liburuetatik hartzen du ikasbidea.
4. Egiazko jakinduria (1,5-8; 3,13-18): Goiko jakinduria eta lurrekoa bereizten ditu. Goikoa bere maitasunezko fruituez ezagutzen da; Jainkoaren dohaina da, konfiantza osoz egindako otoitzaz lortzen dena.
5. Aberatsen aurkako mehatxuak (5,1-6; ik. 2,7; 4,13-17): Aberatsen aurka jardunaldi gogorra egiten du, aberastasunak segurtasun faltsua sortzen duela eta behartsuen gupidarik ez duela salatuz.
Antzeko beste zenbait gai ere badarabiltza gutunak logika handirik gabe nahasturik.
Dena den, idazlan honetan gizarte-justiziaren ardura begi-bistakoa da; agian, ardura horixe du bere alderik nabarmenena. Fedea eta bizitza, lagun hurkoarekiko maitasuna batik bat, elkarrengandik banaezinak direla azpimarratzen du.
Eskema
—Agurra (1,1).
—Probaldietan sendo iraun. Tentaldia (1,2-18).
—Hitza entzun eta bete (1,19-27).
—Sinesmenak bereizkeriarik ez. Fedea eta egintzak (2,1-26).
—Mihia hezi. Goiko jakinduria (3,1-18).
—Jaunaren menpean jarri. Bat bakarra epailea (4,1-12).
—Harropuzkeriaren aurka. Aberatsen aurka (4,13—5,6).
—Pazientzia. Otoitza (5,7-20).
Currently Selected:
SANTIAGO SARRERA: EAB
Highlight
Share
Copy
Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional) Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso