YouVersion Logo
Search Icon

HASIERA 27

27
Esauren ordez Jakob bedeinkatu
1Zahartu zen Isaak, eta ezer ez ikusteraino ahuldu zitzaion ikusmena.
Egun batean, Esau bere seme nagusiari deitu zion:
—Seme!
Esauk erantzun:
—Hemen nauzu!
2Isaakek jarraitu zuen:
—Zahartu naiz eta une batetik bestera hil naiteke. 3Har itzazu ehizarako iskiluak, uztaia eta geziak, zoaz oihanera eta harrapa ezazu piztiaren bat. 4Ondoren, atondu iezadazu atsegin dudan erako jaki goxoa eta ekarri, jan dezadan. Gero, neure bedeinkazioa emango dizut, hil baino lehen.#hil baino lehen bedeinkazioa 48—49; Dt 33.
5Rebekak aditu zuen Isaakek bere seme Esauri esandakoa. Esau aitari eskaintzeko ehizaki bila oihanera joan orduko, 6Rebekak bere seme Jakobi esan zion:
—Begira, zure aitari entzun diot Esauri esaten: 7«Ekarri ehizakia eta atondu jaki goxo bat, jan dezadan. Gero, Jaunaren aurrean bedeinkatuko zaitut, hil baino lehen». 8Orain, seme, entzun eta egizu nire agindua: 9Zoaz abere-taldera eta ekarri bi ahuntz guri, eta jaki goxoa prestatuko diot aitari, atsegin duen bezalakoa. 10Zeuk eramango diozu jateko; horrela, zu bedeinkatuko zaitu hil aurretik.
11Jakobek erantzun zion bere ama Rebekari:
—Baina Esau iletsua da, eta ni azal leunekoa. 12Baliteke, ni ukitu eta iruzur egiten diodala aita ohartzea. Orduan, bedeinkazioaren ordez madarikazioa erakarriko nuke neure gain.
13Amak esan zion:
—Betor niregana delako madarikazio hori. Egizu nire esana eta zoaz agindutakoa ekartzera.
14Joan zen, bada, agindutakoa hartzera, eta amarengana itzuli zen. Honek jaki goxoa prestatu zuen, aitak atsegin zuen bezalakoa. 15Rebekak, berehala, bere seme nagusi Esauren arropak, etxean zeuzkan arroparik dotoreenak, hartu eta Jakob bere seme gazteenari jantzarazi zizkion. 16Ahuntz-ileaz estali zizkion eskuak eta lepo leuna. 17Eta prestaturiko okela eta ogia bere seme Jakoben eskuetan jarri zituen.
18Sartu zen Jakob aitarengana eta esan zion:
—Aita!
—Bai, seme —erantzun zion hark—. Baina nor zara zu?
19Jakobek aitari:
—Esau zure seme nagusia. Bete dut eskatu didazuna. Jaiki, mesedez, eseri eta jan nik ehizatua, bedeinka nazazun.
20Isaakek erantzun zion:
—Bai azkar aurkitu duzula, seme!
Jakobek esan zuen:
—Jaunak, zure Jainkoak, eman dit hartarako egokiera.
21Orduan, esan zion Isaakek:
—Zatoz hurbilago, seme, uki zaitzadan, egiaz nire seme Esau ote zaren ala ez jakiteko.
22Hurbildu zitzaion Jakob bere aita Isaaki, eta honek ukitu eta esan zuen:
—Jakobena da mintzoa; eskuak, ordea, Esaurenak.
23Ez zuen ezagutu, eskuak anaia Esaurenak bezain iletsuak baitziren, eta bedeinkazioa eman zion. 24Isaakek galdegin zion:
—Egiaz nire seme Esau al zara?
—Bai, Esau naiz —erantzun zion Jakobek.
25Gero, Isaakek:
—Emadazu jaten ehizakia, seme, eta bedeinkatu egingo zaitut.
Jakobek eman eta hark jan egin zuen. Ekarri zion ardoa eta hark edan. 26Orduan, esan zion aitak:
—Zatoz hurbilago eta besarka nazazu, seme.
27Hurbildu eta besarkatu egin zuen. Isaakek, haren arropak usaindu zituenean, bedeinkatu egin zuen, esanez:
«Nire semearen usaina,
Jaunak bedeinkaturiko
zelaiaren usaina.#bedeinkatu egin zuen Si 44,23; Heb 11,20.
28Jainkoak eman diezazkizula
zeruko ihintza
eta lurreko guritasuna,
ogi-ardotan oparotasuna.#zeruko ihintza Dt 33,13.28; Os 14,6; Mi 5,6; Sal 133,3; Jb 29,19; Es 19,12.
29Izan ditzazula herriak zerbitzari,
makur daitezela nazioak
zure aitzinean.
Izan zaitez zeure senideen nagusi,
makur daitezela zure aitzinean
zure amaren semeak!
Madarikatua,
zu madarikatzen zaituena!
Bedeinkatua,
zu bedeinkatzen zaituena!»#senideen nagusi 25,23+. Bedeinkatua… 12,3+.
Isaak eta Esau iruzurraz ohartu
30Isaakek bedeinkatu eta Jakobek bere aita utzi bezain laster, Esau iritsi zen ehizatik. 31Honek ere aitak atsegin zuen jaki goxoa prestatu, aitari eraman eta esan zion:
—Jaiki zaitez, aita, eta jan zeure seme honen ehizakitik, bedeinka nazazun.
32Aita Isaakek galdegin zion:
—Nor zara zu?
—Esau nauzu —erantzun zion hark—, zure seme zaharrena.
33Zirrara ikaragarriak hartu zuen Isaak, eta esan zuen:
—Nor zen, bada, ehizatik etorri eta jatekoa ekarri didana? Harenetik jan dut zu sartu baino lehen. Bedeinkatu egin dut eta betiko dago bedeinkatua#27,33 betiko dago bedeinkatua: Aitaren bedeinkazioa eraginkorra da eta behin betikoa, aldaezina..
34Aitaren hitzak entzutean, Esauk garrasi handi mingotsa egin eta esan zion:
—Bedeinka nazazu neu ere, aita.
35Isaakek erantzun:
—Azpikeriaz etorri da zure anaia eta berak hartu du zure bedeinkazioa.
36Esauk ihardetsi zion:
—Ongi jarria du, bai, Jakob izena#27,36 Jakob izena: Ik. 25,26 oh., oraingoarekin bi bider kendu baitit txanda. Lehen-semetzaren eskubidea kendu zidan lehenengo eta, orain, bedeinkazioa.
Esan zion, gainera:
—Ez al duzu niretzat beste bedeinkaziorik?#lehen-semetzeskubidea kendu 25,29-34.
37Isaakek erantzun:
—Hara, zure nagusi egin dut eta senide guztiak haren zerbitzari bihurtu. Ogiz eta ardoz hornitu dut. Zer egin dezaket zure alde, seme?
38Esauk esan zion:
—Ez al duzu bedeinkazio bakar bat besterik, aita? Bedeinka nazazu neu ere!
Esau negarrez hasi zen ozenki.#negarrez hasi zen Heb 12,17. 39Eta Isaak honela mintzatu zitzaion:
«Begira,
lur gurietatik kanpo biziko zara,
zeruko ihintzetik urrun.
40Ezpataz zainduko duzu bizia,
eta zeure anaia zerbitzatuko;
baina bere garaian#27,40 bere garaian: Hitz hauen itzulpena ez da segurua. Daviden garaian menderatua izan ondoren, askatu egin zen Edom Judaren menpetik (ik. 2 Erg 8,20-22).
botako duzu lepotik
haren uztarria».
Jakob ihesi, Rebekak gomendatuta
41Esauk begitan hartu zuen Jakob, honek aitarengandik lortutako bedeinkazioagatik. Honela zioen berekiko: «Hurbil duk gure aitaren hileta-eguna; orduan, Jakob nire anaia hilko diat».
42Rebekak, lehen-seme Esauren asmoei antzemanik, Jakob seme gazteenari dei egin eta esan zion: «Adizu, Esau zure anaiak mendekua hartu nahi du zure bizkarretik, zu hilez. 43Entzun, seme. Ihes egizu Haranera#27,43 Haran: Ik. 11,31 oh., Laban nire anaiarenera.#Ihes egizu Jkd 10,10. Laban 24,29. 44Gelditu harekin denboraldi bat, zure anaiari haserrea baretu arte. 45Anaiak zuk egina ahaztu eta haren amorruak atzera egin dezanean, bidaliko dut norbait hara, zure bila. Zer dela-eta galdu behar ditut neure seme biak egun berean?»#seme biak egun berean galdu 4,8-16; 2 Sm 14,1-11.
Isaakek Jakob Mesopotamiara bidali
46Rebekak esan zion Isaaki: «Bizitzaz nazkaturik nago Esauren emakume hitita horiengatik. Zertarako bizi, Jakob ere lurralde honetako emakumeren batekin ezkontzen bada?»#emakume hitita 24,3+.

Currently Selected:

HASIERA 27: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in