YouVersion Logo
Search Icon

NEHEMIAS SARRERA

SARRERA
Nehemias liburuak Esdras liburuarekin bat bera egiten zuenez, Idazlea eta Ingurugiro historikoa atalburuari dagokionean, ikus Esdras liburuari Sarrera.
Ezaugarri nagusiak
Nehemias liburua hiru zatitan bana daiteke.
Lehenengoa (1—7 kap.ak): Nehemiasek, Pertsiako errege Artaxerxesen funtzionarioak, Jerusalemera etortzeko baimena lortu ondoren, harresien egoera aztertu eta beroriek berreraikitzeko jendea adoretzen du (1—2 kap.ak). Baina juduen ekintzak zailtasun handiak aurkitzen ditu inguruko herrien aldetik. Horrez gainera, juduen artean zeuden injustizien aurrean ere kementsu jokatzen du Nehemiasek gizarte-erreformak bultzatuz (3—7 kap.ak).
Bigarren zatia (8—12 kap.ak): Esdras apaiz eta lege-maisua dugu protagonista. Jendearen aurrean egiten den lege-irakurketa (8. kap.) «judaismoaren jaiotza-eguntzat» hartua izan da. Legearen irakurketari penitentzi otoitz luze batek (9. kap.) jarraitzen dio, eta ondoren ituna berritzen da formula ofizial batean (10. kap.). Ondoren, hirian jendea bizitzen jartzea, harresien sagarapen-jaia eta beste berri xehe batzuk datoz (11—12 kap.ak).
Hirugarren zatia (13. kap.): Nehemiasen bigarren ekintzaldia dator: herria eta tenplua arrotz-kutsu guztitik garbitu, tenpluko zerbitzua egokitu eta larunbatari eta beste usadio batzuei buruz arauak ematea.
Horrela, tenplu inguruan bildurik, hiri santuaren harresietan babestuta eta arrotz-kutsadura oro kanporaturik, apaizen eta lege-maisuen gidaritzapean biziko da judu-herria. Horrela, judaismo teokratiko eta beste herrietatik bereiziaren oinarriak jarriak daude ondorengo mendeetarako.
Eskema
—Nehemias Jerusalemera etorri (1,1—2,20).
—Harresiak eraiki eta gizarteko arazoak konpondu (3,1—7,72).
—Legea jendaurrean irakurri eta harresiak sagaratu (8,1—12,47).
—Nehemiasen beste eraberritze batzuk (13,1-31).

Currently Selected:

NEHEMIAS SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in